Monday, December 05, 2005
Kurt Kobain hil zuen makina
Nirvana taldeko kideak 1994an bere buruaz beste egin zuenean, esames ugari ibili ziren, bolo bolo, 27 urteko musikari milioidun ospetsua atzeragabeko erabakia hartzera bultzatu zituzten arrazoien inguruan.
Kurt Ulertzen Saiatzen ari diren Lagunak deituriko taldeak (ustez Cobainen emazte Courtney Lovek bultzaturiko ekimena) makina bati leporatu zion pop izarraren heriotzaren erantzukizunaren zati handi bat: Brion Gysin Beat belaunaldiko artistak asmaturiko eta William S. Burroughs idazleak "ospetsu" bihurturiko Ametsmakina deritzon tramankuluari, hain zuzen ere. Azpiko irudian, bi pertsonaiok (Gysin ezkerrean) makina erabiltzen.
Loveren taldearen arabera, "Ametsmakina trantzea eragiten duen asmakizun arriskutsua da, eta Kurten heriotzaren katalizatzailea izan zen". Antza denez, bere biziaren azken asteetan, Ametsmakina etengabe erabiltzen jardun zuen Cobainek: 72 orduz behin batean!, Loveren arabera (posible ote?).
Zer da, ordea, Ametsmakina?
Ondorengo lerrotan azalduko ditugu argia eta mugimendua erabiliz, burmuineko uhin bioelektrikoei eragin, eta barne munduko ateak irekitzen omen dituen gailuaren nondik norakoak.
Horrez gain, Ametsmakina etxean erraz eta merke norberak egiteko argibideak emango ditugu.
Nire baitan diren bazter miresgarriak ikusten
"Munduaren historian, Ametsmakinak dira begiak itxirik ikusteko asmaturiko lehen objektuak"
Brion Gysin
Kontrakulturaren leienda zaharra da Gysinek Ametsmakina asmatzeko intuizioa izan zuenekoa. Marseilara autobusean erdilotan zihoalarik, errepide bazterreko zuhaitz ilarak eguzkiaren aurka sorturiko argi-ilunak kolpatu zituen Gysinen betazal bilduak: "kolore biziz beteriko forma distiratsuen isuri zorabiagarria lehertu zen nere betazalen atzean: dimentsio askotako kaleidoskopioa espazioan barrena zirimolatzen. (...)Bisio bat izan zen? Zer gertatu zitzaidan?"
Ian Somerville matematikariarekin batera ikertu ondoren, erantzun fisiologikoa aurkitu eta fenomenoa noiznahi eragiteko makina sinple bat diseinatu zuen: segunduko 8tik 13ra argi flash sortzeko moduan zulaturiko kartulinazko zilindro bat, tokadiskos arrunt baten gainean jarrita eta 100 watteko bonbila bat barnean paraturik, hona Ametsmakina; egin bedi argia!.
Flash maiztasun horrek Alpha uhinak eragiten ditu ikuslearen burmuinean; hau da, gizakia ametsetan edo trantzean denean elektroentzefalogramek jasotzen duten frekuentzia bera. Gogoaren egoera sakonetarako atakan gara Alphan, eguneroko kontzientziaren azpian den sormenaren urtegi agortezinaren iturrian. "Ametsmakinaren erabiltzaileek argi distiratsuen eta lurrez gaindiko koloreen berri ematen dute... Sineskaitzeko konplexutasuna duten eraikuntza geometrikoak ikusten dituzte, dimentsio askotako mosaikotik, ekialdeko mistizismoetako mandala irudien antzeko su-bola bizitara. Gero, une batez, irudi bakanak eta eskena dramatiko indartsuak, argiki koloreztaturiko ametsak bezalakoak" -Burroughs (Haluzinogenoak erabili dituzunoi ezagunak egingo zaizkizue deskripziook). Honez gain, Lur planetaren eremu elektromagnetikoaren uhinekin -Schuman Erresonantzia deiturikoarekin- bat egiten du Alphan sintonizaturiko burmuinak.
Gysinek berak kontatzen duenez, Nostradamus aztiak antzeko metodoa erabiltzen zuen etorkizuna iragartzeko bisioak izateko: dorre batera igo eta, eguzkiari begira, eskua irekita, hatzak mugitzen zituen begien aurrean ikuskizuna heldu arte.
Askok ez du ezer berezirik ikusten Ametsmakina erabiltzean, edo burukomin arin bat besterik ez dute sentitzen (epileptikoei oharra: diskoteketako argiak bezala, Amestmakinak krisiak eragin ditzake).
Halere, ardoarekin eta amodioarekin bezala (poetak esan zuenez), ziurrenik norberak jartzen duena handituta itzuli besterik ez du egiten Ametsmakinak.
Ideia horretan oinarriturik, beharbada, hasi (eta amai) genezake Kurt Cobainen heriotzaren zergatien inguruko azalpen saio aborto hau.
Uzkian Pot
Zer behar dugu Ametsmakina egiteko?:
Binilozko diska zaharrak jotzeko gailu bat, hasteko. Amaren ganbaran begiratu, edo, bestela, bigarren eskuko dendetan merke aurkitzeko arazo handirik ez duzu izango. Bost axola orratzaren egoera edo soinuaren kalitatea, Ametsmakina egiteko itzulika dabilen mekanismoa besterik ez dugu behar.
Honez gain, kartulina handi bat behar dugu (gutxienez 90 x 65,5 zentimetroko tamainakoa, printzipioz, eta beltza bada hobe), eta 100 watteko bonbila bat (kaskilo, hari eta entxufearekin). Eskulanak egiteko oinarrizko tresneria bilduta (kuterra, artaziak, arkatza, metro, kola, etab.), arratsalde batean erabiltzeko moduan izango den Ametsmakina egin dezakegu.
Neurrien kalkulua
Gysinek eta Somervillek 78 itzuli minutuko abiada zuen gailurako diseinatu zuten makina, eta hemen abiada horri dagozkion kalkuluak emango dizkizugu eginda. Singleak eta LPak sortu ondoren, 45 eta 33 itzuli minutuko gailu modernoagoak nagusitu ziren, baina askotan gailu berak abiada zaharra aukeran ematen du bi modernoekin batera. Zureak ez badu, ez kezkatu, kalkulagailu batekin erraz moldatuko baitituzu kontuak.
Kartulinan bost ilara zulo egin.
Ilarak eta zuloak tamaina berekoak izango dira (12 zentimetro ilaren altuera; zuloek 9 zentimetro altuera eta 4 zm zabalera izango dute).
Ilara bakoitzean egingo dituzun zulo kopuruak emango du flash maiztasun ezberdina. Erritmoa 7 eta 13 flash segundukoa izan beharko du, beraz:
Platinak 60 segunduko 78 itzuli egiten baditu, segunduko 1,3 buelta egingo ditu: 78/60=1,3
Zulo bakoitzak flash bat emango dizu.
Ilara batean 6 zulo badira, erritmoa 6x1,3=7,8 flash segundukoa izango da.
7 zulo: 7x1,3=9,1 f/s
8 zulo: 8x1,3=10,4 f/s
9 zulo: 9x1,3=11,7 f/s
10 zulo: 10x1,3=13 f/s
78 itzuliko gailua ez baduzu aurkitzen, 45 itzulira moldatu beharko dituzu kalkuluok eta, bistan denez, lerroko zulo gehiago egin beharko dituzu.
Kartulinaren luzera zure tokadiskoaren tamainara moldatu, eta zirkunferentziaren arabera kalkulatu zenbateko tarte berdinak utzi behar dituzun 6, 7, 8, 9 eta 10 zuloko ilarak egiteko.
Azalpenok nahasiak iruditzen bazaizkizu, edo dena eginda jaso behar duen horietako bat bazara, interneteko helbide honetan aurki dezakezu eraikuntza prozesuaren urratsez-urratseko errezeta (hori bai, ingelesez edo frantsesez): www.inter-zone.org
Ametsmakina erabiltzeko:
Gailua jiraka dabilela eta bonbila piztuta, esperimentatzailea zilindrotik ahalik eta hurbilenen eseriko da begiak itxita. Saioak nahi bezain luze jo dezake, baina
hamar minutu behar dira, gutxienez, "bidaiatzen" hasteko. Saioak aurrera jo ahala, zulo lerro ezberdinetara begira jar zaitezke ametspaisaia aldatzeko. Distantziarekin ere badago jolasterik.
Musika:
Ametsmakinaren eragina indartzen laguntzen du erabili bitartean musika mota batzuk entzutea (kaskorekin hobe). Gysinek Jajoukako Maisu Musikarien grabaketak erabiltzen zituen (Marokoko berbereen trantzerako doinuak). Throbbing Gristle taldearen Heathen Earth diskak Ametsmakinarekin erabiltzeko propio eginiko musika jasotzen du. Halere, norberak trantzerako bere doinuak aurkitzea egokiena izango delakoan gaude (txalaparta saio luzeak ezin aproposagoak dira, gure ustez).
Oharra:
Hainbaten arabera, Ametsmakina gailu arriskutsua da (ikus artikulu honen sarrera). Nietzsche irakurtzeak jendea zoratzen eta kanpaia jotzeak itsutzen zuela ere esaten ziguten, halere. Ametsmakinarekin esperimentatzea zure ardurapeko kontua da. Ganbara erretzen bazaizu edo suizidatzen bazara, ez etorri gero guregana ezerren eske.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
1 comment:
http://www.noah.org/science/dreamachine/
http://youtube.com/watch?v=zomv2TVnJqk&mode=related&search=
probatu al duzu? Nire gelako tokadiskosa modu berri batean begiratzen hasi naiz... denbora daukadanean eraikiko dut.
Post a Comment