Saturday, February 26, 2005

Zer demontre da Situazionismoa?



Gaur egun geroz eta arreta gehiago pizten du situazionismoak. Pompidou zentruak eta Bartzelonako Macba museoak erakusketak eskaintzen dizkiote, Guy Debord, Hakim Bey eta Luther Blisseten idazlanak etengabe argitaratzen dira, interneten web orri ugari daude horren gainean... “Baina, zertan da situazionismoa, zehatz-mehatz?” galdetzen genion geure buruari. Eta hor etorri zaigu aurreko OSTIELA!-n eskatu eta gero gure esplikerra, DotriƱa Berri (?) horren katixima leitzera:
Harrigarria da oso, oso lagun gutxik osatutako Internazional madarikatu honen birjaiotza; honek zuen helburu bakarra espontaneotasun kolektiboaren detonantea izatea zen, “gasolina sua dagoen ingurura” eramanez. Pariseko 68ko Maiatzaren urteurrenarekin batera, ahazturik zegoen mogidak interes harrigarria piztu du.

Baina zer demontre da situazionismoa?

Historiari gainbegiratu bat eman diezaiogun. Italian M.I.B.I. (Bauhaus Imaginista baten aldeko Nazioarteko Mugimendua), Londresko Komite Psikogeografikoa eta Internazional Letrista bildu ziren, Cosio d’Arroscia hirian, 1957ko uztailaren 27an eta Internazional Situazionista eratzea erabaki zuten. Sigla eta izen hauen atzean arrandikeri itzela zegoela bazirudien arren, egia esan behar bada, Internazional berri hartan 8 lagun baino ez zeuden, eta inoiz ez ziren 60 izatera iritsiko. Erakundetik kideak etengabe kanporatzeko ohitura ezarri zen, beti ere kanporatuek denuntzia publikoa zabaldu eta gero. Internazionala Guy Debord-ek idatziriko manifestu baten ondotik jaio zen: “Situazioen erakuntzari buruzko informea eta nazioarteko iharduera situazionistaren ekimena eta antolakuntzaren baldintzei buruzkoa”. Iraultza kulturala burutzeko programa zen hura eta loturak eten nahi zituen surrealismoarekin nahiz dadaismoarekin, azken hau aita kuttuna zutela onartzen bazuten ere (surrealismoa, ordea, aita higuingarritzat hartu zuten). Iraultza kulturala lortzearren artea gainditzeko bide praktikoa proposatu nahi zuten, asmakizun ludikoei garrantzia emanez eta, bide batez, desira eta irriken asetzeari. Situazioen erakuntza, hain zehazgaitza bihurtu zen kontzeptua, iharduera librearen, hau da, jokoaren adibide nagusi bihurtu behar zen, baina hasiera batean situazioaren kontzeptuari garrantzi itzela eman bazioten ere, apurka-apurka indarrik gabe geratuko zen. Lehen garai haietan, iraultza kulturala gauzatzeko asmakizun anitz jarriko zituzten martxan: urbanismoaren esparruan ikerketak, A. Jorn-en pintura okerra, Pinot-Gallizioren pintura industriala, Debord-en zinemagintza bera indargabetuko zuen zinema berria... 1957tik 1961eraino iraun zuen situazionismoaren lehen atala amaitzean Internazionalak jada kultura baino gehiago eguneroko bizimoldea kritikatzen zuela esatea gaur egun onartuta dago. 1961etik 1967ra bitarteko bigarren epean politika kritikatzeko unea iritsiko zen. Situazionistak marxista heterodoxoengana (Korsch, Lukacs...) eta Lyotard eta Castoriadis-ek osaturiko Sozialismoa ala Basakeria bezalako langileen aldeko taldeetara hurbilduko ziren, azken hauekin kasik idazki bateratua kaleratu zutelarik.



Beraz, Internazional Situak hasiera batean artea gainditzeko iraultza kulturalaren programa prestatu zuela esan dezakegu, baina geroz eta kritika gogorragoak egitearen ondorioz, azkenean eguneroko bizimoldearen salaketa helburu nagusi zuela sistema politiko eta sozialari bere osotasunean erantzungo zion. Dena den, situek eginiko bidea 68ko Maiatzean amaitu izan ez balitz ez zen hain interesgarria izango. Eta situazionistek Maiatzeko matxinadarekin izan zuten harreman konplexua bere horretan hartu behar da. Kapitalismo modernoaren barnean altxamendu soziala gerta zitekeela aurreikusi zuten, eta are gehiago, jaikialdi hura festa bihurtuko zela. Oldarraldiaren etorrera prestatu zuten ekimen teoriko nahiz praktikoekin. Berehala zapalduko zuten matxinada harek situazionistek asmatutako esaldi eta ideiak aterako zituen kalera: “Etzazue inoiz lanik egin”, “Galtzada-harrien azpian hondartza dago”, “Irakasleok: zuek zahartzen gaituzue”... eta hormetan idatziak izan ziren beste hainbat eta hainbat. Esaldi guzti haiek Debord eta Vaneigem-en liburuetan gorpuztu zen diskurtsoaren zatiak baino ez ziren, bizitza, politika eta artea uztartuz osatu zen ikusmolde berri baten printzak.




68ko Maiatzaren porrotarekin, han aldarrikatu zituzten gurari eta helburuen zapuztearekin, 60eko hamarkadaren amaieran piztu zen borrokaldiaren amaiera nolakoa izango zen iragarri zen. Espainiako Trantsizioa (Gasteizen 76an gertatu zen sarraskiak prozesuaren alderik ilunena erakutsi zuen) eta Italian 77an langileen autonomia suntzitzearren burutu zen errepresio gogorra Parisko porrotaren atalak baino ez ziren izango. Egungo Mugimendu Sozial Berriak Maiatzeko altxamenduaren oinordekotzat hartzea porru galanta baino ez da. Internazional Situazionistak berak ere 1972an garbi ikusi zuen euren garaia amaitua zenez, sekta nostalgiko bihurtu baino lehen erakundea desegitea komeni zela.

Botereak odola xurgatu nahi disidentziari



Internazional Situazionistaren historia tragikoa izan beharrean zegoen derrigorrez, arriskatuz eta sufrituz egin baitzuten; azken finean, talde harek gizartea eta bizimoldeak aldatzeko grina zuen eta borrokaren ondorio guztiak onartzeko prest zegoen. Honengatik besterik ez bada ere nazka itzela eragiten du Macba-k aldarrikaturiko “utopia situazionistaren itzulera 25 urte geroago”. Era berean, “gizartea begirada argitsuz aztertu zuten” eta antzeko esaldiek goragalea ematen dute. Situak ez ziren ez iluminatuak ezta utopikoak ere. Sinesgogorrak ziren, mesfidatiak, eta gorroto bizia erakutsi zuten. Baina ez daukagu zertan harritu beharrik. Horrelako hitzak irabazleengandik etorri ohi dira, garaipenak boterearen hatzaparretatik kanpo geratu izan diren gauzak bereganatuz eskuratu dituztenengandik. Debord-ek hau beti garbi izan zuen: “Badirudi situek gure ikuspegiaren egiazkotasunarekin gizarte modernoa bere osotasunean komentzitu dugula, eta horregatik batzuk gurekin bat datoz eta proposamenak gauzatzeko ahaleginean sutsuki dihardute, gainontzekoek euren indar guztiekin errefusatzen gaituzten bitartean”. Beste era batean esanda: berez botereak ez du ezer sortzen, guzti-guztia xurgatu egiten du. Horregatik ba, situazionistak zenbait gauza interesgarri esan zituzten heroi erromantiko gisa aurkezten dizkigutenean, industria kulturalak “azken abangoardia” haren bandera altxatzen digunean, farre-eroa ateratzen zaigu. Ez horixe! Izpiritu situazionista ezin da museo edo antzeko kultur-zentruetako katibu bihurtu. Izpiritu situazionista bizirik dirau okupazioak burutzen direnean eta boterearen aurrean bizitzaren indarra aldarrikatzen denean. Bizi-nahia eta desafioa dira izpiritu horren islada. Jende artean baloiak banatuz Paris futbol-zelai erraldoi bihurtu zuten Jussieu-ko Asanbladako langabetuengan antzeman daiteke izpiritu situazionista. Edota gure bizitza lapurtzen digutenen suntsipena eragiteko zerbitzu meteorologikoaren egoitza okupatuz naturaren indar ezkutuei dei egin zietenean.

Ander Graun

No comments: