Monday, December 05, 2005

Otxate herria. Jendeak utzita, mamuek hartuta



Estralurtarren eta izaki paranormalen bilgunea omen da
Otxate. XIX. mendean hustu zen herriaren inguruan
zenbaitzuek idatzitako kronikak mito bilakatu dute herrixka

Estitxu Ugarte (BERRIAn agertutako artikulua)

Gasteiztik 15 kilometrora dago Otxate. Imiruri, Done Bikendi eta Agilu herrien artean, Trebiñun. Itxuraz behintzat Euskal Herriko beste edozein herri abandonatua bezalakoa da. Zelai handi batean, elizaren dorrea eta hainbat etxeren hondarrak biltzen dira. Ihartutako zuhaitzak daude elizaren ondoan. Dena dela, bisitari ugari jasotzen dituen arrastoak nonahi ageri dira. Haiek utzitako zaborra eta zikinkeriak udan jaso zituen Otxateren Lagunak elkarteak, baina garbitasunak ez zuen asko iraun.

Antza denez, Otxaten denetarik gertatu da. Hiru izurrite jasan ondoren hutsik geratu zela diote zenbait idazlek, Objektu Hegalari Ezezagunak (OHE) sarri ikusten direla idatzi dute, psikofoniak grabatu daitezkeela, jendea desagertu dela, Bermudetako Triangeluaren antza duela… Gertakizun misteriotsuek erakarrita dozenaka lagun biltzen da astebururo Otxaten, psikofoniaren edo estralurtarren zain. Interneten, Trebiñuko herriaren inguruan zabalduriko zenbait orrialdetan, bertan egoniko lagunen testigantzak irakur daitezke. Ezer berezirik topatu ez dutela diote gehienek, baina nolabaiteko «giro berezia» atzeman diote inguruneari.

Otxateren mitoa zabaldu zuenetako bat Prudencio Muguruza gasteiztarra izan zen. 1981. urtean OHE bat ikusi zuela idatzi eta horren argazkia barra-barra zabaldu zuen. Txakurrarekin Otxate inguruan paseatzen zebilela idatzi zuen, eta bat-batean «beldurra ikaragarria sentitu nuen, burrunba bizia entzun, eta automatikoki argazki kamera atera nuen». Gerora, Trebiñuko OHE-a iruzurra zela zabaldu zen, itxura berezia zuen hodei bat besterik ez baitzen. Dena den, Muguruzak El Mundo Misterioso aldizkarian artikulu luzea idatzi zuen, eta, gerora, Trebiñuko elezaharraren osagai nagusiak izango zirenak airatu zituen.

Ordutik Otxateri buruzko kontakizun ugari zabaldu dira. Horra hor, Iker Jimenez kazetariak Enigmas sin resolver liburuan jaso zituen zenbait istorio. Besteak beste, Otxatek pairatu bide zituen izurriteak azaldu zituen, alegia herria uzteko arrazoi nagusiak.

Zorioneko herria XIX. mendera arte

Otxateri buruzko lehenbiziko erreferentzia historikoa 1134an ageri da, Goate izena zuen herriak. Garai hartan 15 lagun bizi ziren bertan. 1750ean bigarren erreferentzia agertzen da, sei bizilagun zituen herrixkak, eta denborak aurrera joan ahala udalerriko herririk jendetsuena bilakatu zen.

Garai horretakoa da Otxateren ustezko madarikazioa: 1860an baztanga zabaldu zen herrian, eta lau lagun besterik ez ziren bizirik atera. Lau urte geroago, tifus epidemiak biztanle guztiak akabatu zituen. Otxate hutsik geratu zen, baina handik gutxira zorioneko herria bihurtu zen berriro. Hala ere, 1870ean kolerak biztanle guztiak hil zituen. Antza denez, inguruko herrietan ez zen izurriterik zabaldu, nahiz eta Imiruri, Otxate, Done Bikendi, Agilu eta Axarteko biztanleen arteko harremana oso estua izan. Jakiak zein bestelako nekazaritza produktuak trukatzen baitzituzten.

Egun, zenbait ikertzailek eta historialarik hiru izurriteen afera kolokan jarri dute, ez baitago dokumentaziorik, ezta testigantza fidagarririk, historia horri eusteko.

Izurriteaz gainera, Jimenezek beste zenbait gertakari biltzen zituen liburuan. Ezagunena Espainiako Armadari gertatutakoa da. Gasteizko Araka kasernako auto blindatuko bi talde Otxatera joan ziren ariketa militarrak egitera, eta lau orduz galduta egon ziren behe lainoan. Militarren arteko komunikazioa erabat ezinezkoa izan zela kontatzen du Jimenezek, irratiek ez baitzuten funtzionatzen. Ordu luzez itzulinguruka ibili ondoren, Arakara itzuli ziren militarrak, beldurtuta.
Halaber, Otxateko apaizaren desagerpena aipatzen du Jimenezek liburuan. 1898an Antonio Vilegas apaiza Otxate gainean dagoen Bergondoko baselizara abiatu zen zenbait traste jasotzeko asmoz. Ez zen itzuli. Herritarrak apaizaren bila ibili ziren inguruko mendietan, baina ez zuten inoiz aurkitu.

Euskal psikofonia

Bestetik, zenbait ikertzailek azaldu dutenez, fenomeno bitxiak gertatzen dira gauetan San Migel elizaren dorrean. Duela urte batzuk, Gasteiz Irratiko teknikari batek lortutako bi psikofonia ezagun egin ziren. Batean, emakume batek honako hau galdetzen du gaztelaniaz: «¿Qué hace la puerta cerrada?». Bigarrenean, «kanpora» oihukatzen duen neskato baten ahotsa entzun daitekeela diote. Agian, lehenbiziko euskal psikofoniaren aurrean gaude.
Dena den, urtetan Otxateren inguruan zabalduriko mitoak ez dio asko lagundu herrixkari. Jende askorentzat jai gunea da Otxate, eta fenomeno paranormalei alkoholarekin lagundu diete. Asteburua alkoholaren eta beldurraren artean igarotzen dute batzuek, inguruak zabortegia bihurtuz, suteak eginez eta inguruko herritarrak eta herrian bertan diren abereak zirikatuz. Larreak autoarekin zibarena egiteko erabili dituzte behin baino gehiagotan.
Ondorioz, inguruko biztanleek ez dute gustuko bisitariak, eta guardak hartu behar izan dituzte ingurunea zaintzeko. Zabor poltsak eskuan daramatzatenak edo herriarekin begirunez jokatzen duten bisitariak, aldiz, ongi etorriak dira Otxaten.



ELKARRIZKETA

Julio Corral otxateko lagunak taldeko kidea

«Otxate misterioaren azoka bat da»

E. U.

Otxateko Lagunak Interneten bitartez sorturiko elkartea da. Udazkena eta uda bitartean herria garbitzeko deia egin, eta milaka kilo zabor jaso zituzten. Julio Corral herriaren mitoa aztertzen ari da, eta liburua argitaratuko du aurki. Halaber, talde ko kidea da.

Nola sortu zen Otxateko Lagunak?

Iaz lehenbiziko aldiz joan nintzen Otxatera, familiarekin, eta harrituta itzuli ginen herrixkaren egoera ikusita, guztia zaborrez beteta zegoen, suntsituta. Hori ikusita, Interneten Otxateri buruzko gunea antolatzea otu zitzaidan. Hasieran, herrixka garbitzeko jendea biltzeko asmoz egin nuen. Gerora, gune hori Otxateri buruzko informazio biltegia bilakatu da. Nik ez nuen horrelakorik egiteko asmoa, baina hala gertatu da.

Aurrera begira, zein da Otxateko Lagunak taldearen helburua?

Egun, Otxate suntsituta dago zeharo. Zutik dauden eraikin bakarrak elizaren dorrea eta bi etxeren aztarnak dira. Gure asmoa, herriaren mitoa ikertzeaz gainera, herritarrekin lan egitea da, eta ingurunea babestea. Ildo horretan, adibidez, Otxate gainean dagoen Burgondoko baselizaren eraberritzeari ekiteko inguruko herritarrekin hitz egin dugu. Herriek debozio handia baitiote Burgondoko baselizaren ama birjinari.

Otxateri buruzko mitoak oinarri historikoa al du?

Oinarri historikoa eta dokumentala oso eskasa da. Aipatu diren elezahar gehienak, alegia, izurriteena edo apaizaren desagerpena, Pruden Muguruzak idatziriko artikuluan jasota daude. Artikulu hori ikertzen ibili naiz, Otxateri buruzko liburu bat idazten ari naizelako, eta idazlanak oinarria duela uste dut, baina desitxuratua dago, kontakizunak ez baitira batere zehatzak. Adibidez, hiru izurriteen gaiaren inguruan, ezin da ukatu garai batean kolera eta baztanga izan zirela eskualdean, baina 1919ko gripe espainola izan zen Otxateko biztanle gehienak akabatu zuen izurritea.

Ez al dira beste edozein herriri buruz esaten diren elezaharren antzekoak?

Gauza misteriotsu ugari gertatzen dira Otxaten: argiak, agerraldiak, psikofoniak. Otxate misterioaren azoka da. Euskal Herrian eta Espainian elezahar ugari dago paraje ezberdinen inguruan, eta herrixka askotan gertakizun bitxiak bildu dira, baina Otxateren afera bestelakoa da. Otxaten era guztietako fenomenologia berezia biltzen da, eta sarritan errepikatzen diren ezohiko fenomenoak dira. Europan soilik Otxaten eta Ukrainako beste herri batean ematen dira halako fenomenologiak.

Eta zein da fenomeno horien sorburu nagusia?

Otxaten gauza bitxiak gertatzen dira, baina nik ezin dut ziurtatu EHOak diren, mamuak, edo bestelako fenomenoak. Bertan egon garen gehienek, adibidez, arazoak sumatu ditugu aparatu elektronikoekin, emisorearekin, sakelako telefonoekin, argazki eta bideo kamarekin. Bateriak kargatu eta deskargatu egiten dira...
Dena den, gertakari horiek azalpen paranormala baino gehiago zientifikoa izan dezakete.
Ez naiz horretan busti nahi. Sineskorra naiz, baina aldi berean sinesgogorra. Duela 200 urte misteriotsuak iruditzen zitzaizkigun gauzak, egun, oso arruntak iruditzen zaizkigu. Joera dugu azalpenak bilatzeko, eta batzuetan ez dago azalpenik.

Bestetik, argi dago inguruneak eragina duela, eta jendea hunki erraza da. Oso tipikoa da, esate baterako, dorrearen barruan pertsona baten intziriak entzuten direla esatea. Pertsona bat hilzorian egongo balitz botako lituzkeen oihuak entzuten dituztela esaten dute askok eta askok. Eta egia da, intziriak entzuten dituzte, baina dorrean habia egin duen hontz baten oihuak dira.

Hala ere, badira gertakari batzuk sarritan errepikatzen direnak. Beltzez jantzitako emakume baten irudia agertu da behin baino gehiagotan. Gainera, psikofoniak oso ohikoak dira, jende askok grabatu egin ditu. Ezin da frogatu mamuen ahotsak diren, iraganeko lagunen oihuak… Egun, edozeinek eraman lezake grabagailu bat, eta oso erraza da soinuren bat harrapatzea, baina jasotzen diren milaka soinuren artean badira bitxiak direnak. Argi arraroak ere sarritan ikusi dituzte Otxaten.

1 comment:

aitorr said...

otxate askok hotz-ate moduan itzuli dute, nire ustetan ordea otsate (otso-ate) da aproposagoa. Hotz hitza erderaz "oz" moduan agertzen da normalean. Otso, "ocho" moduan.

Dena den, herria lehenago Goatse deitzen dela aipatzen duzu, beraz bertan daukagu ate dimentsionalaren azalpena.