Monday, December 05, 2005

Tipula




... gaurko sorginen inguruko mania horrek disentsioaren indarrak nahastu eta zapuzten ditu. Kontrakultura osoak bezala, konpromiso politiko multzo zuhur baten garapena oztopatzen du. M. HARRIS

...eta...

Baina noraino da mitoa baliagarri? Erromantizismo garaitik zeltiar legendek izugarrizko arrakasta izan dute, baina ez dut uste horrek asko lagundu duenik zeltiar nazioen askapenean. J. KINTANA



Zaharra da oso, inperioen asmo zibilizatzailea bezain zaharra akaso, pentsakera magikoaren kontrako propaganda. Etsaiak beti etsai eta ez gara orain arituko haien salaketan.
Oraingo idazki hau, beraz, zenbait lagunen aipuekin hastea erabaki dugu. FRAZER hura ere ez dugu ahaztu, jakina, eta haren omenez magia sinpatikoaren erabilera praktikoaren berri emango dizuet. Sorgintza tresna iraultzaile gisan erabil daitekeenaren adibide xume bat alegia.TIPULA deituko dugu.

Etxeko kajoi batean eman du denbora luzea, X-Txosten galdu baten antzera. Baina fruitua ondu dela uste dut. Badu sasoia urrezko abarretik erori eta NEWTON iruzurtiari kaskarrekoa emateko.


1. BIDEOEKINTZA

Tao-ak Bata sortzen du; Batak bia sortzen du; biak hirua sortzen du; hiruak gauzak oro sortzen ditu.
LAO TSE, Tao Te King.


1993ko otsailaren 4a. Nire berri emaileen arabera goiz eguzkitsua (bideoak ere hala ageri du). Bi lagunek Bilboko Areatzako zubia igarotzen dute, udaletxea eskubitara utziz, eta Campo Volantin deritzon pasealekuan barrena abiatzen dira. Pasealeku honek ibaiari jarraikiz egiten du bere ibilbidea, edo, hobeto esanda, ibaiaren gainetik: Campo Volantin delakoa, porlanezko habeen bidez ur lasterrari irabazitako eremua baita.
Tarteka uretarainoko eskilarak agertzen dira, garai batean txalupetatik lehorreratzeko erabiliak, gaur egun txiza egiteko edota dosia zainaratzeko. Hauetako bat dugu erritual xelebre batentzako aldez aurretik aukeratutako eskenatokia.



Motxilak hustu eta lanari ekin diote bi lagunok. Irudi bat zutabeari atxiki, bideo kamara tripodean paratu,... REC., goazen!

60 minutuko grabaketa egitea da gure lagunen asmoa. Ez hasi numero sorginduen bila, 60 minutukoa da baterien autonomia. Handiagoa izanez gero luzeagoa egingo zuten grabaketa: bi ordu, hiru egun, betirako...

Unibertsoaren dinamika herrena dugu bideo-egitasmo honen gaia. Unibertsoaren metafora zaharra da tipula. Korbatadun baten eskutan ageri da, gizaki modernoa. Eskutartean duenaren jabe dela uste du azken honek. Tipularen muina aurkitzen saiatu da, eta mintzez-mintz, azalez-azal biluztu du tipula, esku hutsik geratu den arte, ez muinik ez eta tipularik ere. Orain ez daki nola jokatu. Tentazioa indartsua da: tipula estutu eta estutu lehertu arte? Gordiar korapiloa gogoan.



Korbatadunaren akats nagusia objetibotasunaren lilura da. Tipula kanpotik ikusten duela uste du inozoak. Baina guk, bideoaren beste lilura horri esker, bera ere tipularen, hau da, unibertsoaren barruan dela dakusagu.

...hiruak gauzak oro...

TAO TE liburuaren gogoetari jarraikiz aukeratu dute txoko hau. Hiru mugimendu ezberdinen topalekua da eta, beraz, unibertso osoa irudika lezake. Hiru mugimenduetatik bi begibistakoak izango dira bideoan: eguzkiak ordubeteko ibilbidea egingo du ortzean eta itzalak, isladak eta dirdirak aldatuz joango dira: lehenengo mugimendua.
Itsasgorak uraren mailaren aldaketa eragingo du, hona bigarrena.

Hirugarren mugimendua, ordea, inplizitoa edo behintzat ezkutua litzateke. Pasealekua sostengatzen duen egitura, beste edozein egitura bezala, tentsio eta indar geologikoen (honako kasuan) menpe dagoenez, ez da estatikoa, dinamikoa baizik. Ez dago, DABIL. Eta ibiltze horren ondorio nagusia ezegonkortasuna da. Egitura guztien patua: amiltzea, erortzea.


2. METAFORA EGUNKARIETAN

Honeraino ekintza haren kronika. Egileen ahotik eta eskutik izan nuen honen berri bere garaian. Lekukotasuna indartzeko hainbat argazki eta bideoa bera nire eskutan jarri zuten. Horietako batzuen erreprodukzioak lerro hauen aldamenean ikus ditzakezue.

Bistan da haien asmoa estetika kontuetara muga genezakeela, esoteraren zantzurik aurkitu gabe. Ondoren gertatutakoa ustekabe hutsa izan zela haientzat, alegia, beste guztiontzat bezala:

1993ko otsailaren 10ean, hau da, bideoekintza hura egin eta 6 egunetara (oraingoan bai, has gaitezke zenbaki sorginen bila) grabaketa lekua eta honekin batera Campo Volantin pasealekuko berrogei metro, espaloia, zuhaitzak, farolak, eserlekuak eta abarrak (zenbait egunkarien arabera pertsona bat tartean, nahiz eta zauririk ez jaso) ibaira amildu ziren eguerdi aldera.

Hona hemen EUSKALDUNON EGUNKARIAk hurrengo egunean argitaratutako albistea:



Pasealeku zati bat ibaira Bilbon

Bilboko Campo de Volantin pasealekuaren zati bat, lau eta seigarren atarien artekoa, ibaira erori zen atzo eguerdian azpian duen lurra mugitu ondoren. Bilboko udaltzaingoko iturrien arabera, ezbeharraren ondorioz ez zen zauriturik izan. Erorketaren arrazoiak, udaltzaingoaren arabera, ibaiko uraren eragina eta zoladuraren hondamena izan dira. Itxura denez, egun asko ez direla konturatu ziren lurrean pitzadurak agertzen hasi zirela. Badaezpadako neurri gisa inguruan hesiak jarriak zituztela adierazi zuen atzo udaltzaingoak. La Salve eta Erkoreka enparantzen arteko bide zatia itxi egin zuen atzo udaltzaingoak istripua gertatu ondoren.




3. HIRU GURPILAK


DAVID RUELLEk eta FLORIS TAKENSek 1971ean argitaratu zuten On the Nature of Turbulence artikuluan honako hau proposatzen zuten: aski dira hiru mugimendu independenteak turbulentziaren konplexutasun osoa sortzeko.

Sistima dinamikoak deskribatzerakoan Erakarle bitxia (Strange Attractor) izendatu zuten eragilea aztertu zuten. Ordurarte zientzilariek bi erakarle motarekin egiten zuten lan: puntu egonkorra eta zikloa.
Irudikatu frikziorik gabeko pendulua (tzintzila): bi punturen artean mugitzen da etengabe, zikloak osatzen ditu.
Naturan, baina, frikziorik gabeko tzintzilarik ez dago: erakarlea erdian dago eta tzintzilaren ibilbidea gero eta laburragoa da. Azkenean puntu horretan gelditu egingo da (Entropia: horregatik behar dute erlojuek giltza edo pila).

Hona hemen Inperio, Estatu, Ordenu, Kontrol Sistima guztien metafora.
Inperioak betirako nahi du bere burua. Hori dugu hain zuzen estatu hitzaren sakoneko esanahaia: estatua da estatikoa dena, erakarle bakarra, perfektoa izanik betirakoa izan behar duena. Denboraren abolizioa, Historiaren Azkena: geldia da pendulua!

Walter Benjaminek salatu zuen politikaren estetizismo faxista: egungo gizateria alienatuarentzat (ez baikara gure baitakoak) ikuskizunik ederrena bere buruaren suntsipena litzateke. Apokalipsia=Erabateko artelana (Gesamtkunstwerke). Apokalipsia, edozein motakoa dela, erakarle bakarreko sistima baten patu sahiestezina da.


Heraklito zaharrean aurki dezakegu honen ukazioa. Garai modernoetan Nietzschen. Azken honen hausnarketa ekarriko dugu gogora:
Energia eta denbora, hona hemen unibertsoaren osagaiak. Indarra mugatua da, denbora, berriz, mugagabea (iraganerantz eta etorkizunerantz mugagabea). Unibertsoaren forma, une zehatz batetan, indar unitateen konbinaketak ematen digu. Indar unitateak mugatuak direnez, horien arteko konbinaketak ere mugatuak izango dira. Kobinaketa horiek gertatzen diren denbora mugagabea izanik, bi ondorio atera ditzakegu:

a) Egonkortasun egoera balitz unibertsoaren patua, egoera hori DAGOENEKO izan beharko genuke (eta hala denik ez du ematen).
b) Unibertsoak eternidadean jarduteko duen modu posible bakarra, berberaren betiereko itzulera da. Konbinaketak errepikatu behar dira ezinbestean.

Beraz, ez dugu inoiz izango egonkortasunik unibertsoan eta gainera zikloak errepikatzera kondenaturik gaude (Mitologia klasikoaren Sisiforen zigorra, Oteizaren Ley de los cambios, Big Bang/Big Crunch...). Bi erakarle bitxi, penduluaren betirako oszilazioa.

Baudrillard-en arabera katastrofearen simulakroa behin eta berriro, ikuspegi askotatik eta abiadura motelduaz ikustera zigortuta gaude. Baina benetako katastrofea, hau da, apokalipsia, ez da sekula helduko. Hasierako Big Bang haren ondoren, esplosioaren ondoren alegia, inplosioa bizi dugu.
Liluratuta eta perlesiak jota datzagu, beraz, irudiaren magia zuriak sorginduta. Bi erakarle dituen unibertsoan etengabe kulunkatzen gara, ez da Historiaren Azkena, baizik eta istorio beraren betiereko itzulera.



Betiereko itzuleraren teoria honi egin dioten gezurtatzerik politena, edo behintzat dotoreena, Georg Simmelek asmatu zuen:
Demagun neurri bereko hiru gurpil ardats berean kokatzen ditugula. Gurpil bakoitzean puntu bat marraztu dugu eta hiru gurpilen puntuak lerrokatzen ditugula. Gurpilak itzulika abiatzen dira, bigarrenak lehenak baino bi aldiz azkarrago eta hirugarrenak lehenaren abiadura zati π:

n, 2n, n/π

Hasierako lerrokatzea ez da inoiz ere errepikatuko!

Hiru erakarleren jokoa, hona turbulentzia. Hiru mugimendu unibertsoaren konplexutasun osoa sortzen, errepikatu gabe eta erritmu finko batean erori gabe..., beti antzeko eta beti ezberdin. Hiruak gauzak oro sortzen ditu.

Hona hemen unibertsoaren dinamika herrena, ttakun-ttan-ttakun.

4. KORAPILOA IRUTEN


Walter benjaminek erakutsi zigunez, erreprodukzio teknikoak askatu zuen artelana hasiera batean zuen erabilpen erritualatik, baina askatze honek artelanaren benetakotasuna, aura, galtzea ekarri zuen.
Asger Jorn-ek aintzinago kokatu zigun haustura: pentsamendu geometriko eta pentsamendu situlogikoaren artean gertaturiko banaketa unean, hain zuzen ere. Lehenak Grezian kokatu eta pentsakera arrazionalista sortu zuen. Bigarrena, ordea, gizateria osoaren subkontzientean txertaturik datza eta topologia, korapiloen jakinduria, ehungintza, laberintoa... ditu agerkari.

J. A. Urbeltzek Bailar el caos liburuan hari honi heltzen dio koreografia, estetika eta antropologiaz hausnartzen duenean. Bere buruari galdetzen dio Urbeltzek, zein ote den 3a oinarri duten dantza erritmu herrenen eta (h)irulearen lanaren zein munduikuskeraren artean somatzen den harreman ezkutua.

Hiru erakarle bitxitan errotutako munduikuskera, agian?


Mariren lurrazpiko erresuman gaude, Mari baita indar sortzailearen etengabeko baieztapena, EZBERDINAREN betiereko itzulera ( J. Paskual eta A. Peñalva).



5. FIAT ARS, PEREAT GUGGENHEIM!


Honerainoko bidea eginik, Benjaminekin egiten dugu topo berriro.

Benetako artelanaren balio bakarra erritualan datza, non bere lehen eta jatorrizko balio erabilgarria izan zuen.

hona hemen, hain zuzen, TIPULAren kasua:

Testuinguru estetiko garaikide batetik abiaturik (Bill Viola eta antzekoen ildoan) oharkabean, xalotasunez eta intentziorik gabean erritual magikoa antolatzen da (Ekain, Santimamine, Lascaux horien tradizio zaharragoan). Eta erritualak, harri gaitezen, ERAGINA DU.

Urte bakan batzuk geroago izan balitz, ibaiaren beste bazterrean, pare parean...



Irudiak erabiliz irudien lilura hautsi.

Adur Beltza izen aproposa al da?


UZKIAN POT


Benetan iraultzailea den ekintza baten aurrean gaude, nahigabe, burugabe eta kontrolgabea delako, hain zuzen ere.
J. BAUDRILLARD

...eta...


Ka(la)pitalaren panopticum-aren punturik erasogarriena, hala ere, magiaren baitan datza -irudien manipulazioan gertakizunak kontrolatzeko-...
H. BEY

No comments: